martes, 30 de junio de 2015

Durangaldeko etxerik gabeko pertsonentzako “Etxepel” proiektuaren balantzea egin du Caritasek eta, bide batez, udako jarduerak eta “Wilma” esperientzia terapeutiko hezigarria aurkezteko aprobetxatu dute

Etxepel’ proiektuaren 1. urte-urrenaren harira, Caritasek zentrora deitu ditu Gizarte Komunikabideak balantzea egin eta udako jarduerak aurkezteko, hala nola, esperientzia terapeutiko hezigarri berri bat (‘in situ’ erakusketa egingo da zentroko lorategian).



BALANTZEA:
Gure eskualdean bazterkeria egoeran dauden pertsonei (bereziki etxegabeei) erantzun integrala emateko proiektua da Etxepel. 2014ko ekainean sortua, urtebeteko bizi honetan Etxepeletik 22 pertsonari laguntza eskaini diegu, guztiak (bat ezik) urte luzez Durangoko edo eskualdeko bizilagunak.

Generoari erreparatuta, 22 pertsona horietatik bederatzi emakumeak dira (%41) eta hamahiru gizonak (%59); eta jatorriari erreparatuta, zazpi europar erkidegoaz kanpoko etorkinak dira (%32) eta hamabost (%68) Europar Batasunekoak. Horietatik bederatzi kalean edo etxebizitza ezegokietan bizi ziren (%41) eta, egun, guztiak bizi dira baldintza duinetan.

Une honetan (2015eko ekaina), Etxepelek 19 pertsonari laguntza eskaintzen dio eta bi pisuak (Aiete plaza) beteta daude.

Gaur gaurkoz, Etxepel Caritasen funts propioen bitartez finantzatuta dago, baita bi fundazioren ekarpenen eta parrokia, pertsona indibidual zein enpresen dohaintzen bitartez ere. Azken urtean, 15.000 euro baino gehiago bideratu ditugu pertsonentzako laguntza eta maileguetara.

Lanean diharduen giza taldea da Etxepelen aktibo handienetakoa; une honetan hamahiru boluntariok eta hiru kontratatuk osatzen dute (bi lanaldi eta erdi), guztiak inplikazio-maila handiarekin lanean.

ORAINALDIA:
Santiagoko Bidea
Uda honetan, jarduera berezi gisa, Etxepelen zenbait ordezkari eta horien laguntzaileek Santiagoko Bidean parte hartuko dute astebetez. Ilusio handiz esan digutenez, “astean zenbait ibilaldi eginez hankak sendotzen dihardute, bidean ondo prestatuta egoteko”.


Animaliekin lagundutako terapia: ‘Wilma’ txakurra, Etxepeleko beste kide bat
Duela hilabete ingurutik hona, heziketa jaso duen txakur bat ere bizi da Etxepelen; erabiltzaile guztiek zaintzen dute eta euren prozesu pertsonaletarako laguntza gisa balio die.

Wilma txakurra heriotza ziurretik salbatu zuten Zalama albaitari eta txakur-heziketa zentrokoek, txakurkumea baino ez zenean. Zainketa eta heziketa lanetan bi urtez izan ondoren,  Caritasi eman diote txakurra.

Animaliekin lagundutako terapiaren bitartez, kalitate emozionala eta segurtasuna hobetzen dira, komunikazioa errazten da, konfiantza areagotzen eta oldarkortasuna murrizten dira, besteak beste. “Wilma gu bezalako beste kide bat da Etxepelen”, hala esan digute Durangoko zentrokoek pozik.


ETORKIZUNA:
'Etxepel’ proiektu integralaren lehendabiziko urte honetako balantzea oro har oso positiboa izan den arren, ezin dugu ahaztu gizarte pentsioak itxita jarraitzen duela erakundeen babesaren zain (duela urtebete irekiko zuten).

Caritasetik espero dugu proiektuaren beste atal hori ere martxan jarriko dela datorren urtean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario